16. martxoa 2025 salhaketa_araba

ELKARRETARATZEA DEITZEN DUGU GASTEIZEN, ASTEAZKENEAN, MARTXOAK 19, 13:00ETAN ANDRE MARIA ZURIAREN PLAZAN

Gaur goizean, 2025eko martxoaren 14an, I.V.M., 35 urteko pertsona bat, ohiko bizilekua Gasteizen zuena, hilda aurkitu dute Zaballako espetxeko bere ziegan.

Bere familiak emandako informazioaren arabera, jatorriz Gasteizkoa zen eta seme baten aita. Ez zuen tratamendu psikiatrikorik hartzen, garbitokian lan egiten zuen eta berarekin ziega partekatzen zuen beste presoari laguntza eta euskarri funtzioak betetzen zuen.

Beraz, ikerketa judizialaren bidez lortu ditzakegun datu gehigarrien zain, badirudi hildakoari ez zitzaiola aplikatzen suizidioaren aurkako protokoloa

EZ DA KASU ISOLATU BAT, EZ SALBUESPENA ERE

9 dira jada EAEko kartzeletan eman diren heriotzak Eusko Jaurlaritzak 2021ean eskumena bereganatu zuenetik.

Alde batetik, espetxeko mediku arreta ez da nahikoa, azalekoa da eta sarbide zailekoa. Bestalde, sistematikoki falta da heriotza hauei buruzko komunikazioa eta informazioa ezkutatzen diete familiei eta kanpoaldeari espetxeko arduradunek.

Norbanakoen zaurgarritasun baldintzez gain, ez da ahaztu behar kartzelako gorputzetan eragin kaltegarriak ekartzen dizkiela: isolamendua, harreman dinamika zailak, elikadura txarra, inguruarekin menpekotasun harremanak.

Kartzelen egiturak eragin suntsitzaileak ditu barneratuen osasun mental eta fisikoan.

Zein komunikazio mekanismo dituzte Espetxe Erakundeek haien harresi barruan gertatzen diren heriotzen inguruan? Nola ematen zaio informazioa gizarteari kartzelan hiltzen diren pertsonei buruz? Pertsona hauetako zenbat, familia sarerik ez dutenak, gelditzen dira ahaztuta? Zein arrazoiengatik sortzen dira heriotza hauek? Eta, beste behin, haserretu egiten gaitu euskal espetxeen administrazioak duen gardentasun faltak. 

Dei egiten diegu Eusko Jaurlaritzari eta zehazki bere Justizia Zuzendaritzari berehalako neurriak hartu ditzatela heriotza hauek saihesteko.

Fiskaltzari exijitzen diogu ez dadila kanpo geratu, eta ofizioz ekin diezaiola heriotza hauek ikertzeari, argitzeko zein egoera eta arrazoien ondorioz eman ziren, eta familiei informazioa eta babes legala eman diezaien, haiek ardurak eskatu ahal izateko, zibilak zein penalak, justizia penalaren kudeaketaren ondorioen inguruan, eta baita kalte ordainak jasotzeko aukera eman diezaien ere. Gainera, eskatzen dugu babes psikosoziala eman diezaietela, eragin argia duelako familiengan presoen zaintza arduragabeak.

Osasun arazo fisiko edo mentalak dituzten presoak, zein patologia duala dutenak, berehala aske uzteko eskatzen dugu, izan ere, askotan suizidioan amaitzen direlako halako kasuak. Pertsona hauek zaintzak eta mediku arreta behar dituzte, eta kartzelan ezin zaie modu egokian eman. Ondorioz, okerrera egiten dute haien osasun egoerak eta ongizate psikologikoak.

Beharrezkoa da erreforma bat egitea espetxe araudian eta araudi penalean, beharrik gabe luzatzen dituelako zigorrak eta mugatu egiten duelako baimenak lortzeko aukera, hirugarren gradua edo baldintzapeko askatasuna.

Heriotza gehiagorik ez espetxean, gehiegikeria psikologiko eta fisiko gehiagorik ez, arduragabekeria mediko gehiagorik ez, isolamendu gehiagorik ez.

Espetxeetako harresiek ez ditzatela biktimak ezkutatu!

Espetxeko zure heriotza azkena izan dadila eta Justiziak konpondu dezala jasan duzun utzikeria.